BERRIA, 2004-07-29
Joan den uztailaren 8tik aitzina, Zerga Eragozpena eta Bakerako Zergen aldeko Kanpainen 10. Nazioarteko Bilkura gertatu zen Brusselan. Hamabi herrialdetako etorritakoak elkartu ginen hor. Gehienak Iparrekoak, baina hiru Hegoaldekoak. Guztiok ideia baten inguruan bat: Inork ezin digu gure zergen diruaz guden antolaketa eta gauzaketa ordaintzeko eskatu.
Globalizaziorako bidean gaituzte. Ekonomia globalizatu dute, baita bortxakeria ere. Agintea dutenek guda egiteko gogoa dutenean, guda egiten da. Kritikak entzuten badira ere, toki guztietan militar gastuak handitzen doaz. Armek suntsipena bikoitza eragiten dute. Erabiltzen direnean, nabaria. Erabiltzen ez direnean, horretan gastatutako dirua gizarteak dituen hainbeste beharrak betetzeko ez erabiltzeagatik. Eta, ondorioz, munduko mila milioika gizakien eguneroko sufrimendua suspertzen da.
Boteretsuek inposatzen gaituzten globalizazioaren aurkako ahotsak hasi dira entzuten. Posiblea da beste mundu bat
diote. Posiblea? Ezin bestekoa esatea hobe. Horrela ez dago jarraitzerik. Guda hotza bukatu ondoren guda bero asko daude munduan, hainbat herrietan ozta-ozta lortutako giza baliabideak suntsitzen dituztenak. Gizakiaren zati haundi bat txirotasunean eta etsipenetan bizitzeko bideratuta dago.
Horrexegatik argi ikusten genuen Brusselan: Ez dago denbora galtzerik. Inoiz baino gehiago, gastu militarrei aurre egiteko garaian gaude gaur. Eta Zerga Eragozpena eta Zerga Bakerako Zergen aldeko ekimenak horretarako baliabide ditugu.
Zergak bilatzeko ohitura ezberdinak dituzten herrialde ezberdinetakoak izanik, gure ideia praktikara eramateko bideak ere ezberdinak dira. Gure etxeraino Estatu Batuetako berri ugari heltzen zaizkigu. Hor dauden artistez, politikariez, militarrez, bere gaizkileez asko dakigu, bai. Baina inoiz ez zaigu ailegatzen hor dauden zerga eragozleen berririk. Bai, hor, inperioaren bihotzean, egon badaude aurrekontu federalaren erdia baino gehiago militarrei ematearen aurkako altxatu direnak. Eta ez da gauza makala: haien gauzak bahitzen dizkiete. Batzuek horien etxea enkantean ikusi behar izan dute, beste batzuek horren erresistentzia kartzelarekin ordaindu dute. Batzutan ezin dute berriro egin. Parlamentuan duten ordezkariengana jotzen dute orduan, zerga eragozpenerako duten eskubidea aldarrikatuz. Bitartean, beste batzuek bide berberari ekiten diote. Gizarterako interesgarria, benetan, baina ez berrien transferentzia menperatzen duten agentzietarako, haien interes ekonomikoen esklabo.
Estatu Batuetan eta Kanadan egiten da. Baita Ingalaterran, Norvegian, Alemanian, Belgikan eta hainbestetan ere. Hemengo zerga eragozleok ez gaude bakarrik. 1994an Hondarribian antolatu genuen 5. Nazioarteko Bilkuran hain zuzen ere, gobernuz kanpoko erakunde bat sortu genuen. Horren asmoa kontzientzia eragozpenerako dugun eskubidea aldarrikatzea da, bai horren ohiko bertsioan (zerbitzu militarrari dagokiona) baita gero eta beharrezkoa egiten zaigun bertsio ekonomikoan ere. Hortik aurrera zerga eragozpena askatasun ideologiarako eskubidearen funtsezko konkrezio bat dela Kontzientzia eta Bakerako Zergen Internazionalak ekin dio aldarrikatzeari. Inork ezin gaitu beste gizakien hilketan konplize bihurtu.
Hegoaldeko ahotsak entzuteko parada izan genuen. Indian, Pakistanekin hasitako bakerako elkarrizketak itxaropenerako ateak ireki dituzte, historikoki etsaiak izan diren bi herri horietan bizi diren mila milioi lagunengandik arriskua urrunduz. Eta ez ahaztu biak arma nuklearraren jabe direla. Ghanan, bere inguruko herri guztiak sufritzen ari diren gudetatik libratu badira ere, horrexegatik errefuxiatuen drama oso gertutik ari dira bizitzen, planetako besteek axolagabekeria erakusten duten bitartean. Kolonbian, armada ofizialari gerrillakoarena eta oligarkiaren paramilitarrenena gehitzeaz gain azken bolada honetan narkotrafikoarena ere batu behar zaiona. Egoerari aurre egiteko nazioarteko laguntza Plan Kolonbia delakoa izan da, hots, milioika dolarrak gastu militarra areagotzeko.
Herriak ez dira irlak. Toki batean ordaintzen diren zergek beste toki baten militarizaziorako balio dute. Erantzuna emateko beharrean gaude. Planeta osorako duintasuna aldarrikatu behar dugu: munduan nahiko dago guztiontzat, baina oso gaizki banatuta. Elkarlanean eta ez-bortxakerian oinarritutako estrategiak garatu behar ditugu gatazkak gainditzeko. Eta ez dago itxoiterik: guztiok dugun ardura onartu behar dugu, gobernuek gure zergen diruarekin armadak ordaintzeko dituzten asmoei aurre egiten.
Giza aurrerapenerako zibil desobedientzia baliabide erabilgarria dela ikusi ahal izan dugu. Estatuari aurre egin ziotenean intsumisook erakutsi ziguten. Gobernuen asmoen aurrean Zerga Eragozpena beste ekintza ez-bortxa mota bat dugu. Armadak ordaintzeko Ogasunak gure dirua eskatzen digunean, gure laguntza uko egin behar diogu. Jende gutxi izango bagenu duintasun osoko jokabidea izango balitz ere, tamalez eragin gutxikoa ere izango litzateke. Baina gero eta gehiago gara, hemen eta munduan, ideiarekin eta ekimenarekin bat egiten dugunok. Nazioarteko bilkura honek horrela frogatu du.
Eta horren emaitzak ez du zalantzarako tokirik ematen. Kontzientzia eragozpenaren aldeko lanarekin jarraitu behar dugu, baita zergekin duen erlazioan ere. Geldiarazi behar dugu armadei dirutza hori ematen. Diru hori Lurreko jende guztiari giza duintasuna berremateko beharrezkoa da.
Iruñea, 2004ko uztailaren 14a
Stua.: Pedro Otaduy
Nafarroako Zerga Eragozpen aldeko Batzordearen kidea